Wifi
Wiki E-Kontsulta(e)tik
Wi-Fi-a (Wireless Fidelity) da estaldura-gune batean (barneko edo kanpoko) kokatutako ekipoen datuak elkarrekin komunikatzeko erabiltzen den teknologia, kablerik gabeko lan-sareak (WLAN-Wireless Local area Networks izenez ezagutuak) sortzeko balio duena.
Kontzeptualki ez dago inolako ezberdintasunik sare haridun (koaxial, optiko edo bestelako) baten eta hari gabeko sare baten artean. Alde bakarra da hari gabeko sareek uhin elektromagnetikoen bidez igorri-jasotzen dituztela datuak eta ez dutela, hortaz, kable beharrik. Horrek erabateko malgutasuna ematen dio komunikazioari.
Hari gabeko sare batean ordenagailu bakoitzak hari gabeko sare-moldagailu bat dauka. Moldagailu horiek irrati uhinak bidali-jasotzen dituzte transzeptore (hartzaile-trasmisore) baten bidez eta horrelaxe konektatzen dira. Transzeptorea estaldura guneko edozein tokitan koka daiteke, kanpoan nola barruan, kableaz axolatu gabe.
Hari gabeko sareekin 54 mbps.ko eta areagoko abiaduran transmititu daiteke, aski azkar beraz aplikazio gehienetarako. Wi-Fi ingurunea konponbide egokiena da, zeren mugikortasuna eta konektibitatea elkartzen baititu datuen transmisioan eta aukera ematen baitu edozein tokitan ezartzeko “bulego mugikorra”.
Nahiz eta bere aplikazio gehienak ordenagailu pertsonaletarako, telefono mugikorretarako eta PDAtarako pentsatuta egon, Wi-Fi-ak beste esparru batzuetan dituen potentzialitateak aztertzen diharduten enpresek egunero ateratzen dituzte gauza berriak. Bada marka erregistratu bat, Wi-Fi Certified, Wi-Fi Alliance (http://www.wi-fi.org/) izeneko elkarte batek banatzen duena. Wi-Fi Alliance hori 130 aplikazio ekoizle eta hornitzailez osatutako elkarte bat da eta bere helburua da bermatzea logo hori daramaten produktu guztiek arazorik gabe lan egiten dutela beste ekoizle batzuen gailuekin hari gabeko sarean. Gaur egun 450 bat gailuk daukate ziurtagiri hori.
[aldatu] Wi-Fi-aren abantailak
Wi-Fi-ak kablerik behar ez duenez abantaila garbiak ditu komunikazioetan:
- Mugikortasuna: komunikazioa segurtatuta dago estaldura-gune barruko edozein tokitatik, eta are mugimenduan.
- Malgutasuna: kableatzeko zailak diren inguruneetan ere sarera iristeko aukera ematen du.
- Moldagarritasuna: sarearen topologiaren aldaketak ahalbidetzen ditu eta sarearen eskalagarritasuna errazten du.
- Instalazio erraza: kableak botatzea baino errazago eta azkarragoa da.
- Erabiltzaile gehiago sareratzea ahalbidetzen du kable berririk bota behar izan gabe eta aukera ematen du sareak antolatzeko toki aldakorretan edo egoera ezegonkorretan (larrialdiko tokietan, kongresuetan, aldi baterako egoitzetan, e.a.).
[aldatu] Wi-Fi-aren ahalmenak
Wi-Fi teknologiari esker erabiltzaileek posible dute Internetera eta euren enpresako sare lokaletara sartzea banda zabalaren bidez eta haririk gabe, dela euren lanpostutik edo dela ingurune publikoetatik.
Badira baita ere erabilera publikoko ingurune pribatuetara (aireportuak, hotelak, negozio eskolak, azokak, e.a.) bideratutako Wi-Fi zerbitzuak, langile eta bezeroei banda zabaleko eta haririk gabeko Interneterako eta enpresako aplikazioetarako sarbidea eskaintzen dietenak.
Wi-Fi teknologia bereziki egokia da etxea bezalako inguruneetarako. Bai kablea duten hiri-eraikinetan eta bai kablea jartzeko zailtasunak ematen dituzten inguruneetan, Wi-Fi-ak Interneterako sarbidea eskaintzen die behin-behineko lan ekipoei edo aukera ematen du etxean sare bat sortzeko zein abiadura handiko konexioen abantailak mugikortasunarekin uztartzeko.
Enpresan ere Wi-Fia oso lagungarria da, aukera ematen baitio edozein erabiltzaileri Internetera eta enpresako sare lokaletara sartzeko banda zabala erabilita eta haririk gabe, bai bere lantokitik bertatik eta bai beste ingurune batzuetatik.
[aldatu] Segurtasuna
Segurtasuna da Wi-Fi teknologiak gaur egun daukan arazo handienetako bat. Instalatzen diren Wi-Fi sareen portzentaje handi batean ez da aintzat hartzen segurtasuna eta sareak irekita uzten dira (hackerrak erraz sartzeko moduan), euretatik dabilen informazioa babesik gabe utziaz.
Modu asko daude sare horien segurtasuna bermatzeko. Hona hemen ohikoenak:
- Wi-Fi estandarretako datuak zifratzeko protokoloak erabiltzea, esaterako WEP eta WPA protokoloak, bidaltzen den informazioa kodetu eta konfidentzialtasuna bermatzen dutenak. Hari gabeko gailuek berek hornitzen dituzte protokolo horiek.
- WEP: datuak bere sarean zifratzen ditu, guk nahi dugun hartzaileaz beste inork ez ikusteko eran. 64 eta 128 biteko zifratuak WEP-segurtasun maila bi dira. Datuak igorri aurretik WEPek zifratu “klabe” baten bidez kodetzen ditu.
- WPA: hobekuntzak ditu, esaterako sarbide-gakoaren sorrera dinamikoa. Gako-hitzak digitu alfanumerikozko serietan sartzen dira eta ez dute mugarik luzeran.
- Wi-Fi estandarretako datuak zifratzeko protokoloak erabiltzea, esaterako WEP eta WPA protokoloak, bidaltzen den informazioa kodetu eta konfidentzialtasuna bermatzen dutenak. Hari gabeko gailuek berek hornitzen dituzte protokolo horiek.
- IPSEC (IP tunelak) VPN (Virtual Private Network) sareen kasuan eta IEEE 802.1X estandarren multzoa, erabiltzaileak autentifikatu eta baimentzeko.
- MAC filtratua, baimendutako gailuei beste inori ez uzteko sarera sartzen.
- Sarbide-puntua ezkutatzea: ezkutatu egin daiteke sarbide-puntua (Routerra) beste erabiltzaileek ez dezaten ikusi.
- WPA2 deritzon segurtasun protokoloa (802.11i estandarra), hobekuntza zenbait dituena WPAren aldean. Printzipioz, une honetan Wi-Fi-rako dagoen segurtasun protokolo seguruena da. Halere, hardware eta software bateragarriak behar ditu, zaharrak ez baitira bateragarriak.
Halere, ez dago babes-neurri bakar bat %100ean fidagarria denik, azken finean denak zulatu daitezke eta.



