Webaren erabilerraztasuna
Wiki E-Kontsulta(e)tik
Erabilerraztasuna da edozein pertsona edozein bitarteko erabiltzeko gauza dela bermatzea (sarea, kutxazain automatikoa, e.a.), edozelakoa izanik ere bere gaitasun pertsonal edo teknologikoa. Erabilerraztasunak Denentzako Diseinua esan nahi du.
Adibidetzat ingurune fisikoa hartuz gero, web-a liburutegi on batekin alderatuko genuke. Liburutegi on bat egiteko hiru osagai behar dira:
- Apalak: ondo ordenatuta eta antolatuta egon behar dira, bestela inork ezingo du aurkitu libururik. Horixe da erabiltzailearen xedea: bila dabilena aurkitzea. Sarean hori informazioaren arkitektura izango litzateke, etiketatua, sailkapena, e.a.
- Liburuzaina: alai egon behar du, jende berriari laguntzeko prest eta ezagun zaharrei ongietorria egiteko gogotsu, jarrera horrekin badago jendeak esperientzia atsegina izango baitu. Interneten munduan hori erabiltzailearen interfazearekin konparatuko litzateke: ezaugarri egokiak izan behar ditu, diseinu atsegina, e.a.
- Sartzeko arrapala bat: arrapala on bat edukiz gero, badakigu mundu guztia sartu ahal izango dela (gurpil-aulkian dabilen jendea ere bai) eta bide batez sarbidea errazten diogula bestelako jende bati ere (esaterako, haur-karrotxo batekin datorren bati, eskariak entregatzera orgatxoekin datorren jendeari, e.a.). Horixe izango litzateke, berez, webgunearen erabilerraztasuna.
Edukiak |
[aldatu] WCAG: Erabilerraztasun mailak
WAI-Sarearen Erabilerraztasunerako Ekimenak (Erabilerraztasunaz arduratutako W3Caren lan-taldeak) Sareko Edukien Erabilerraztasun Gidalerroak (WCAG) sortu zituen eta ondoko hiru mailatan banatu:
- A Maila (Lehentasuna 1): Garatzaileak egiaztapen puntu hauek bete behar ditu, bestela pertsona batzuek ezingo dute ikusi webguneko informazioa.
- AA Maila (Lehentasuna 2): Garatzaileak puntu hauek bete behar ditu, bestela norbaitek arazo handiak izango ditu informaziora iristeko.
- AAA Maila (Lehentasuna 3): Garatzaileak puntu hauek bete ditzake, bestela pertsona batzuek zailtasunak izango dituzte informaziora iristeko.
Kontu hau errazago ulertzeko, konpara dezagun ingurune fisikoarekin:
- A maila: zuloak eta gune irregularrak dituen arrapala bat izango litzateke. Jendeari sartzen uzten dio baina sarrera erabat erraztu gabe.
- AA maila: arrapala leuna izango litzateke. Erraz sartzen uzten du, baina erabiltzailea gurpil-aulkian badabil indarra egin beharko du igotzeko.
- AAA maila: arrapala mekanizatua izango litzateke. Gurpil-aulkian dabilen erabiltzaileak ez luke zertan aulkiari bultzaka ibili, berez sartuko litzatekeelako.
Laburtuz, beraz, webgune on batek hiru gauza behar ditu: arrapala onena (erabilerraztasuna), apal onak (interfazea) eta liburuzain ona (erabilgarritasuna).
Ondoko taulan ikusiko dugu nolako ezgaitasunen gainean duen zuzeneko eragina hiru maila horietako bakoitzak:
| Erabilerraztasun maila | Ezgaitasun mota |
| A Maila | Bisuala, kognitiboa, teknologikoa |
| AA Maila | Bisuala, kognitiboa, teknologikoa, motorea |
| AAA Maila | Bisuala, kognitiboa, teknologikoa, motorea |
[aldatu] Nori egiten dion kalte erabilerraztasun txarrak
Erabilerraztasuna txarra denean ondoko ezaugarriak dituzten erabiltzaileak gertatzen dira kaltetuak:
- Testua ahots bihurtzeko gailuak edo braillea erabiltzen dituztenak eta, oro har, soinu-txartelik ez duten edo nabigatzaileak testu-moduan erabiltzen dituztenak.
- Koloreak bereizteko arazoak dituztenak, sistema monokromoen erabiltzaileak.
- Ikusmen arazoak dituztelako web orriko letren tamaina handitu behar dutenak.
- Epilepsia fotosentikorra dutenak.
- Nabigatzaile zaharkituak dituztenak, beren nabigatzailearen zerbitzu batzuk desaktibatu dituztenak edo gutxi hedatutako nabigatzaileak erabiltzen dituztenak.
- Motrizitate arazoen ondorioz objektu mugikorrekin ezin elkarreragin dezaketenak.
- Sagurik ez dutenak edo izanda ere ezin erabil dezaketenak.
- Arazo kognitiboak dituztenak.
Euren ezgaitasunaren kausaz Interneten ibiltzeko arazoak dituzten pertsonei gehitzen badiegu nabigatzaile hedatuena ez darabiltzatenak, plugin bat eguneratzen ez dakitenak, informatika arloan ezer gutxi dakitenak, hizkuntza arazoak dituztenak, zabalkunde txikiko ingurune operatibo bat erabiltzen dutenak eta etengabe haziz doan hirugarren adineko jendea, azkenean erabilerraztasun eskasiak bisitarien %40tik gora ukitzen du. Ordea, zein enpresak onartu dezake horrelako jende multzo erraldoi batengana ez iristea?
[aldatu] Web erabilerrazak sortzearen garrantzia
Jadanik sartuta gaude Informazio Gizartearen aroan eta ez dakigu zer muga izango dituen ez nolako abiaduran aurreratuko den. Denbora igaro ahala, sareak gero eta pisu gehiago dauka gure gizartean: adibidez, gaur egun oso gauza arrunta da auto bat erosi edo oporrak antolatu nahi ditugunean, aurrena Interneten informazioa bilatzea.
Erabilerraztasun unibertsaleko irizpideak errespetatzen ez baditugu ezagun izango da ez daukagula jende guztia gogoan. Europan bertan 75 milioi pertsonek daukate ezgaitasunen bat eta kopuru hori beti emendatzen ari da. Gizasail horri gehitu behar zaio teknologiarekin arazoak dituztenak. Behar diren neurriak hartzen ez baditugu egunen batean denok geratuko gara kanpoan, funtsean denok izan baikaitezke diskriminatuak goiz edo berandu.
Ukaezinak dira erabilerraztasunak dakartzan onura sozial eta ekonomikoak:
- Gizarteratzea errazten die pertsona marjinatuei edo baztertuak izateko arriskuan daudenei.
- Bazterketa gutxiago eta integrazio gehiago bultzatzen duen gizarte bat eraikitzen da eta pertsona guztien partaidetza aktiboa bultzatzen.
- Kontzientzia soziala eta ezgaitasunen bat pairatzen duten pertsonekiko benetako konpromisoa agertzen dugunean, hobetu egiten dugu gure irudi soziala.
- Jende gehiagok bisitatzen ditu web orriak eta, hortaz, salmentak emendatzen dira.
- Erabilerraztasun politika bat aplikatuz ematen dugun erantzukizun sozialeko irudiak erabiltzaile/bezero gehiago erakartzen ditu.
- Mantentze kostuak apaldu egiten dira, zeren iturburu-kodea berriro erabili baitaiteke etorkizuneko beste bitarteko batzuetarako, eta gainera ez dago zertan azken belaunaldiko ekipoak eduki.
- Orriak azkarrago jaisten direnez, denbora eta dirua aurrezten dizkiegu gure bisitari/bezeroei.
[aldatu] Lege esparrua
Gai honetaz dagoen ezjakintasun orokorra dela medio, eta nola “ohitura historikoari” jarraituz erabilerraztasuna lege ukaldiz sartu behar izaten den, lege esparru bat sortu da infoinklusioa bultzatzeko eta eten digitalari aurre egiteko:
- Espainian, Informazio Gizartearen Zerbitzuak eta Merkataritza Elektronikoa arautzeko uztailaren 11ko 34/2002 Legeak bere bosgarren xedapen gehigarrian honela dio:
Bitarteko elektronikoen bidez zabaldutako informaziora iristeko erabilerraztasuna pertsona ezindu eta adinekoentzat.
Bat. Herri Adiministrazioek behar diren neurriak hartuko dituzte euretako bakoitzaren web orrietan dagoen informazioa erabilerraza gerta dakien pertsona ezindu eta adin handikoei, beti ere 2005eko abenduaren 31a baino lehen aitortutako edukiak eskuratzeko erabilerraztasuneko irizpideei jarraiki. Era berean, Herri Administrazioek exijitu egin ahal izango dute euren diru-laguntzaz diseinatu edo mantendutako Interneteko orriek aplika ditzatela arestian esandako erabilerraztasun irizpideak.
Bi. Era berean, erabilerraztasun arauak harraraziko zaizkie zerbitzu hornitzaileei eta ekipo eta software ekoizleei, pertsona ezindu eta adin handikoek errazagoa izan dezaten eduki digitaletara iristea.
- Europako Legebiltzarrak 2002ko apirilean Batzordearen Komunikazioari buruzko ebazpen bat onartu zuen: "eEurope 2002: Web publikoen eta euren edukien erabilerraztasuna”. Haren 30. puntuan hauxe esaten da: “webguneak erabilerrazak izan daitezen funtsezkoa da AA maila bete dezaten eta osorik aplika dezaten WAI jarraibideen 2. lehentasuna”.
Ikusten denez, lege esparru horrek guztiak Herri Administrazioei eragiten die, eurei baitagokie bidea urratzen hastea eta eredu ematea; halere, goiz edo berandu horrek nahitaez sektore pribatuari ere eragingo dio, infobazterketa eragozteko legeak onartuko diren heinean.



