Web Semantikoa
Wiki E-Kontsulta(e)tik
Web semantikoa (Web 3.0 ere deitzen zaio) egungo webaren bilakaera bat da, eta horren xedea da webean jasotako informazio guztiari esanahi handiagoa ematea, beste ordenagailu batzuek modu errazean prozesatu ahal izateko.
Egungo weba jasotzen dituen datuen semantika inplizitu batean oinarritzen da, baliabideak kaotikoki hazten dira, eta bistakoa da informazioa antolatu gabe dagoela. Hori horrela, informazioa ezin da automatikoki tratatu, informazioa modu sendoan eta webgune desberdinetan agertzen diren kontzeptuekin lotuta erakusteko moduan, guztiak gauza berari buruz hitz egiten ari badira ere.
Egoera hori konpontzeko, web semantikoak semantika esplizitu batekin sailkatzen, egituratzen eta jasotzen ditu baliabideak, beste makina batzuentzat ere prozesagarri izan daitezen. Horretarako, metadatu semantikoak eta ontologikoak gehitzen ditu, datuen edukia, esanahia eta horien arteko erlazioak azaltzen dituztenak. Webaren kodera gehitzen diren ezkutuko etiketak dira metadatu horiek.
Webari esanahi gehiago ematean, informazioa bilatzerakoan sortu ohi diren arazoei aurre egiteko irtenbideak aurki ditzakegu, azpiegitura komun bat erabiltzen duelako. Azpiegitura horren bidez, erraza da informazioa trukatzea, prozesatzea eta transferitzea.
Horrela, webak egituratu gabeko datuen bilduma izateari utziko dio, eta makinek ulertu eta erabil dezaketen informazio antolatua edukiko du. Beraz, makinek bilaketa eta tratamendu konplexuak egin ahal izango dituzte informazio horren gainean. Nolabait esateko, web osoa datu-base global bihurtzea lortzen da.
Honako bideo honetan azaltzen da web semantikoaren kontzeptua.
[aldatu] Web semantikoaren osagaiak
Web bateko edukiari informazio semantikoa gehitzeko, zenbait teknologia erabiltzen dira, hala nola:
- RDF: webean dauden baliabideei buruzko informazio deskribatzaile sinplea ematen du, eta, beste gauza batzuen artean, liburu-katalogoak, direktorioak, musika-bilduma pertsonalak, argazkiak, gertaerak eta abar erabiltzen ditu.
- RDFa: RDFren sinplifikazio bat da. RDFa-ren bidez, web-orrietan ikus daitezkeen datu egituratuak adieraz daitezke (egutegietako gertaerak, pertsonekin harremanetan jartzeko informazioa, egile-eskubideei buruzko informazioa, etab.) kodean jasotako eta erabiltzailearentzat ikusezin diren ohar semantikoen bidez.
- SPARQL: RDFri buruzko kontsulta egiteko lengoaia da, eta, horren bidez, web semantikoko baliabideen gaineko bilaketak egin ditzakegu datu-iturri desberdinak erabiliz.
- OWL: baliabide horiek lotzeko gai edo hiztegi espezifikoak sortzeko mekanismo bat da. OWLek lengoaia bat ematen du ontologia egituratuak definitzeko, eta sistema desberdinen bidez erabili ahal izango dira horiek. Ontologiek definitzen dituzte jakintza-arlo bat deskribatzeko eta adierazteko erabilitako terminoak. Informazio espezifikoa partekatu nahi duten erabiltzaileek, datu-baseek eta aplikazioek erabiltzen dituzte ontologia horiek, hau da, eremu jakin batean, hala nola, finantzen esparruan, medikuntzan, kiroletan, etab. Eremu jakin bateko oinarrizko kontzeptuen definizioak eta horien arteko erlazioak barne hartzen dituzte ontologiek.



