VoIP
Wiki E-Kontsulta(e)tik
VoIP (Voice Over Internet Protocol) Internet bezalako sare informatikoetan barrena komunikazio zerbitzuak transmititzea ahalbidetzen duen teknologia da: ahotsa, faxa, ahots mezuen aplikazioak, etab. Horrela, linea beretik doaz datuak eta ahotsa, eta, ordenagailuak elkarrekin lotzen dituzten kableen bidez soilik, besterik gabe, telefonorako sarbide puntuak ditugu, kable gehiagoren edo beste sare batzuen beharrik gabe.
Azpimarratu behar da teknologia honek, aspalditik ezaguna den arren, oraindik orain lortu duela ohiko telefoniaren mailara iristea, heldutasunari eta zerbitzuaren kalitateari dagokionez.
Edukiak |
[aldatu] Funtzionamendu
Ohiko telefonian, telefonogune batek konexio iraunkor bat ezartzen du deian parte hartzen duten bi solaskideen artean, eta dei hori gauzatzean erabiltzen diren baliabideak ezin dira erabili berriro deia amaitu arte.
VoIP komunikazioak, aldiz, honela funtzionatzen du:
- Ahotsa digitalizatu egiten da, eta deiaren jatorrian informazio pakete multzo bihurtzen da. Informazio pakete hauek sarearen bidez igortzen dira.
- Helmugara iristeko, pakete bakoitzak bide desberdina har dezake, sarearen baldintzen arabera, eta hautatu duen bidea beste datu pakete batzuekin partekatzen du.
- Amaitzeko, helmugara iritsirik, datu pakete horiek ordenatu eta berriro ahots bihurtzen dira.
[aldatu] Azpiegitura
Enpresaren beharren arabera, VoIP azpiegituraren konplexutasuna asko alda daiteke.
Adibidez, irtenbide erraz bat proposa daiteke, alegia, enpresako ordenagailuetan espezializaturiko software-ren bat instalatzea (ikus VoIP softwareari buruzko atalean esaten direnak). Teknologia honen bidez deiak egiteko gaitasuna emango zaie horrela ordenagailu horiei.
Bestalde, instalazio handiagoak ere egin daitezke, eta horrela enpresak benetako komunikazio zentro bat edukiko luke, hainbat terminalekin, telefonogunearekin, etab. Instalazio handiago hauen kasuan, ezinbestekoa izango da espezializaturiko enpresa baten laguntza.
Azpiegituraren zati izan daitezkeen osagaien artean honako hauek egon daitezke:
Terminalak
VoIP sistema abiarazteko, behar-beharrezkoak ditugu ahotsa datu bihurtuko duten tresnak, eta datuak ahots bilakatuko dituztenak. Tresna horiek IP terminalak edo IP ez diren terminalak izan daitezke.
- IP ez diren terminalen artean ohiko telefono eta faxak ditugu, adibidez.
- IP terminalen artean IP telefonoa eta IP faxa sar ditzakegu (hardware terminalak), eta ordenagailuak (software terminalak).
Erabiltzaileari dagokionez, IP telefonoen itxura eta erabilera egungo telefonoen berdin-berdina da, eta horri esker aldaketak sor lezakeen hasierako mesfidantza saihestu daiteke.
Bestalde, software terminalak ordenagailu pertsonal batean exekutatzen direnean, hasieran errazago gerta daiteke erabiltzaileak atzera egitea, baina gaitasun eta aukera handiagoak eskaintzen dituzte: agenda integratua izatea, fitxategiak aldi berean bidali ahal izatea, etab.
Honako hau da bien arteko alde nagusia: lehenengoek IP formatuan entregatu ahal dute, irteeran, telefono bidezko elkarrizketa, eta bigarrenek, berriz, ez; ondorioz, aldaketa egingo duen bitarteko gailu bat behar dute horretarako.
Gateway-a
IP ez diren terminalak (adibidez, ohiko telefonoak) VoIP sistemarekin berrerabiltzeko moduan jartzea ahalbidetzen duen bitarteko gailua da. Alde batetik ohiko telefono sarera konektatzen da (RTB), eta bestetik sare informatiko batera (Internet sarera, adibidez), bien arteko zubi lana eginez. Horrela, ohiko telefonoak VoIP sistemaren barruan erabil daitezke.
Gatekeeper-a
Sisteman osagai hau edukitzea beharrezkoa ez bada ere, komenigarria da, gaitasun handiagoak ematen baitizkio. Deiak kontrolatzea da bere egitekoa, eta haien helbideratzea kudeatzea: terminal guztiek, deia egin aurretik, gatekeeper honi galdetuko diote ea deia egin daitekeen. Behin baimena emanda, gatekeeper hau izango da helmugako erabiltzailearen identifikatzailea, itzulpena eginez, deiaren helbide bihurtzen duena, telefono agenda batek bezala.
Beste osagai batzuk
Badira beste osagai batzuk ere enpresan instalaturiko VoIP sistemei funtzionalitate handiagoa ematea ahalbidetuko dutenak, adibidez telefonogune edo PBX bat, software bidez erraz instala daitekeena. Horrela, zerbitzu horiek edukitzeko egin behar den inbertsioa asko murriztu daiteke.
Horri dagokionez, Asterisk softwarea nabarmendu behar dugu. Era askotako plataformentzat eskuragarri dagoen software askeko aplikazioa da, eta korporazio ingurune batzuetan erabiltzen hasi dira, irtenbide merkea den aldetik. Telefonoguneen zerbitzu ugari eskaintzen ditu, adibidez ahots postontzia, itxaronaldiko musika, deien itxaron zerrenda lehentasunen arabera, etab.
[aldatu] Funtzionamenduaren eskema
[aldatu] Zer onura dakartza?
Ahots linea (telefonoa) eta datu linea (informatika/Internet) linea bakar batean elkartzen baditugu, enpresako lineen kableatua eta mantenua erraztu eta arindu egin daiteke. Horrekin guztiarekin komunikazio gastuak murriztu egin daitezke. Hala ere, baliteke enpresak bi sareen kableatua bananduta eduki nahi izatea, bere beharrek hala eskatuta, eta horrek hasierako abantaila hori mugatu egingo luke.
IP bidezko ahotsaren benetako abantaila, ordea, eginiko deiek eragindako gastuan nabari den murrizketa da, murrizketa hori, izan ere, benetan handia izan daiteke.
VoIP sistema batek ahots bidezko komunikazioak munduko edozein lekurekin egitea ahalbidetzen du, leku horrekin telefono bidezko lotura ezartzeak dakarren aparteko kosturik gabe; izan ere, deia ohiko telefono batera egiten bada, kostua helmugako lekuan eginiko tokiko deiaren parekoa da. Hartzaileak ere IP telefonia bateragarria badu, komunikazioa doakoa da.
Horrek guztiak telefonoaren fakturan murrizketa handia dakar, batez ere atzerrira telefono dei asko egin behar izaten dituzten enpresen kasuan.
[aldatu] Arazoak ere izaten dira
Ahotsa pakete independente gisa garraiatzeak arazo bat dakar: nola bermatu zerbitzuaren kalitatea.
Sarea oso beteta badago, pakete batzuk atzeratu egin daitezke, datu desberdinen beste pakete batzuekin batera mugitzen baitira uneoro sarean barrena. Atzerapen horiek muga batzuk gainditzen badituzte, elkarrizketa moztu egiten da etengabe eta ezin izaten da burutu.
Teknologia hau erabat hedatzea mugatzen duen beste arazo bat sistemen arteko bateraezintasuna da, batez ere software terminaletan. Jada aitortua dagoen estandar bat baldin badago ere, egungo aplikazio gehienak bateraezinak dira euren artean; horren ondorioz, hornitzaile beraren beste erabiltzaile batzuekin baino ezin dira erabili, erabat VoIP diren deien kasuan. Ohiko telefono batera deia egiten den kasuan, arazo hori ez dago.
Bi arazo horiek konpontzen ari dira gaur egun, nahiz eta alderdi horretatik oraindik ere zailtasunik egon daitekeen.
[aldatu] VoIP softwarea
VoIP softwareak ordenagailu bat VoIP terminal bihurtzea ahalbidetzen du. Programa hauek gehienetan doakoak direnez, horrek asko merkatzen du VoIP sistema bat abian jartzeko egin behar den inbertsioa.
Gaur egun hornitzaile asko daude, eta haien artean desberdintasun handiak egon daitezke honako alderdi hauei begiratzen badiegu:
- Softwarearen kalitatea eta eskaintzen dituen baliabideak.
- Ohiko telefonoetara deiak egiteko aukera.
- Dei horien tarifak.
- Zein herrialdetara deitu daitekeen.
Ezaugarri horiek dituzten programa zabalduenen artean ditugu Skype eta GoogleTalk. Lehenak ohiko telefonoetara deiak egiteko aukera eskaintzen du, eta baita software bera duten beste erabiltzaile batzuei bideodeiak egiteko aukera ere.
Gogoratu behar da, aurreko atalean aipatu den moduan, programa hauetako gehienak bateraezinak direla euren artean. Horregatik, gehienetan ohiko telefonoetara bakarrik egin ahal izango ditugu deiak (hornitzaileak uzten badu) eta sistema bera duten beste erabiltzaileei.
Dauden hornitzaileei eta eskaintzen dituzten zerbitzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Web honetara jo daiteke:



