Softwarea zerbitzu bezala

Wiki E-Kontsulta(e)tik

Hona jo: nabigazioa, bilatu

Softwarea Zerbitzu bezala, SaaS izenarekin ere ezagutzen dena (Software as a Service), softwarea banatzeko eredu bat da. Eredu honek estrategia berri bat garatzen du eta enpresak estrategia horretara egokitu daitezke negozioak kudeatzeko aplikazio informatikoak erabiltzerakoan (ERP, CRM, Business Intelligence, Call Centers, etab.).

SaaSren ezaugarri nagusia da aplikazioen erabilpena ez dela lizentzia bidezko kontratu batean oinarritzen; aitzitik, zerbitzu oso bat kontratatzen da eta kudeaketa aplikazioak erabil daitezke enpresa bakoitzak une zehatz batean dauzkan beharrizanen arabera. Honela, enpresak aplikazio bat erabiltzeagatik ordaintzen du, alokairu kontratu baten antzera.

Ez da teknologia bat, ez protokolo bat, ez eta estandar bat ere. SaaS kontzeptua azken soluzio teknikoetan oinarrituta dago, baina ideia beste ikuspegi batetik sortu zen; ikuspegi bat negozio eredu berri batean oinarritzen dena aplikazioetara modu malgu eta dinamiko batekin iristeko, eta gainera, kostuen ikuspuntu berri batetik abiatuta.

Zerbitzuetara zuzendutako garapena ez ezik, administrazioko eta sistemen inplementazioko teknikarik aurreratuenak erabiltzen ditu (birtualizazioa, administrazio zentralizatua, etab.). Praktika hauek beti hobeto kudeatzen dira hornitzaile espezializatu batekin, eta beraz SaaS zerbitzuek kanpora ateratzen dute informazio sistemaren kudeaketa.

[aldatu] Kostuen eredu berria

SaaS zerbitzu ereduarekin, enpresa bakoitzak sarbide kopuru jakin bat kontratatzen du, aplikazioarekin lan egin behar duen langile kopuruaren arabera. Tarifak, beraz, erabiltzaile kopuruaren eta denbora aldien arabera finkatzen dira (hileroko kuota bat esaterako).

SaaSren beste ezaugarri bat da Webetik sartzen dela aplikaziora eta, beraz, sistemara sartzeko erabiliko diren ordenagailuek Web nabigatzaile bat baino ez dute behar.

[aldatu] Software Zerbitzua erabiltzearen abantailak eta desabantailak

Mota honetako soluzio batek abantailak ditu (bere erabilera sustatzen dutenak), baina baita desabantailak ere (bere zabalkuntza oztopatu dutenak).

Abantailen artean aipatzekoak dira hauek:

  • Hasierako inbertsio txikiagoa. Software jakin bat erabiltzen has zaitezke hasieran inbertsio handirik egin beharrik gabe, esaterako, zerbitzarietan, lizentzietan, eta abarretan, zeintzuk beharrezkoak izango bailirateke softwarea erosteko eredu tradizionalaren arabera. Inbertsio horren ordez, nahikoa da alokairua ordaintzea softwarea erabiltzearen truke.
  • Kostuak murriztea. Enpresak erabiltzen dituen zerbitzuak bakarrik ordaintzen ditu, eta beraz, hauekin loturiko hainbat gastu saihesten dira, adibidez sistemaren mantenimendu eta euskarri lanak eta hauek egiteko behar diren langile eta baliabideak.
  • Berehalako eguneraketak. Enpresak ez du arduratu beharrik sistema etengabe eguneratuta edukitzeko, eguneraketak eta software hobekuntzak automatikoki egingo baitira.
  • Euskarri arinagoa. Mantenimenduaz arduratzen den hornitzaileak zuzenean kontrolatzen du zerbitzaria eta aplikazioa zerbitzari horretan dagoenez, akats edo intzidentzien aurrean erantzuteko behar den denbora laburragoa da. Softwarea eskaintzen duen konpainiak, besteak beste, bermatu egiten du aplikazioa eskuragai egongo dela eta ondo funtzionatuko duela.
  • Zure negozioan oinarritua. Euskarri eta mantenimendu lanak egin behar ez dituztenez, enpresek baliabide guztiak zuzendu ditzakete negozioaren benetako helburuetara, horrela balio gehiago sortzeko.
  • Datuen segurtasuna. Zerbitzuaren hornitzaileak datuen segurtasun kopiak egingo ditu eta baita kontingentzia planak ere, informazioa galtzen denean edo hardware akatsak daudenean babestu ahal izateko. Kontratua sinatzean ezarritako SLAk (zerbitzu mailaren akordioa) bermatzen du aplikazioaren eskuragarritasuna. Era berean, IT enpresak mekanismo seguruak eskaintzen ditu aplikaziora iristeko. Enpresa hornitzaile batek SaaS aplikazioak eskaini nahi baditu bere produktu zorroaren barruan, sarbide seguruak eskaini behar ditu datu pribatuak sare publikora iragazi ez daitezen.


Eredu honen desabantaila nagusiak ondokoak dira:

  • Datuen segurtasunari buruzko konfiantza maila baxua. Enpresako datu pribatuak erabakigarriak izan daitezke aplikazioaren arabera, halere kanpoko antolakunde baten sisteman ostatatzen dira.
  • Beste aplikazio batzuekin integratzea. Nahiko konplikatua izaten da mota honetako soluzioak enpresan ezarrita dauden beste batzuekin integratzea.
  • Datuen eskuragarritasuna. Sistema hauek martxan egon daitezen Internet etengabe erabili behar da. Konektagarritasunarekin, latentziarekin edo abiadurarekin arazoren bat izanez gero, enpresaren martxa oztopatu daiteke.
  • Gatibutasun sentipena. Kontratatutako aplikazioak ez badauka mekanismo bat bertan bildutako datuak erraz atera edo esportatzeko, egoera horrek mugatu egiten du enpresaren etorkizuneko IKT politika.
Beste hizkuntzetan
Tresna pertsonalak
Nabigazioa
bideoak