Software librea
Wiki E-Kontsulta(e)tik
Software librea (ingelesez “free software”) izeneko softwarearen lizentziak baimena ematen dio bere erabiltzaileari software hori erabateko askatasunez erabiltzeko, kopiatzeko, aztertzeko, aldatzeko eta birbanatzeko. Era horretan, software librea daukan edozein erabiltzailek aukera dauka software hori hobetzeko eta bertsio hobetua banatzeko. Hori posible izateko, baina, software librearen iturri-kodea irekia izan behar da. Horixe da hain zuzen software librearen funtsezko betebeharretako bat.
Edukiak |
[aldatu] Software Librearen askatasunak
Free Software Foundation elkarteak lau askatasun zehazten ditu software librearen erabiltzaileentzat:
- 0. askatasuna: Programa edozertarako exekutatzeko askatasuna.
- 1. askatasuna: Programa aztertzeko eta norberaren premietara egokitzeko askatasuna.
- 2. askatasuna: Programa birbanatzeko eta bide hortaz beste batzuei laguntzeko askatasuna.
- 3. askatasuna: Programa hobetzeko eta hobekuntzak komunitate osoaren mesedetan argitaratzeko askatasuna.
Programa bat librea izango da baldin bere erabiltzaileek askatasun horiek guztiak badituzte. Askatasun horren barruan sartzen da lizentziarik ez eskatu eta ez ordaindu behar izatea.
Software libreko aplikazioak erabiltzen dituzten lizentziek gorago esan diren askatasun guztiak bermatzen dituzte. Lizentzia deitzen zaio software egile batek beste norbaiti software hori legalki ustiatzeko ematen dion baimen formalari. Free Software Foundation elkartearen arabera, hiru lizentzia maila daude, eta bakoitzaren barruan lizentzia mota asko:
- Copyleft: mota honetako lizentzien artean GNU GPL da hedatuena; bertan, egileak softwarearen gaineko eskubideak beretzat gordetzen ditu baina baimena ematen dio erabiltzaileari gorago esandako guztia egiteko.
- Lizentzia permisiboak: ohikoak dira BDS sistema eragileetan, zeinetan egileak copyright babesa mantentzen duen soilik bermeari uko egiteko eta software horretatik eratorritako lanetan bere egiletza aitortua izan dadin.
- Jabari Publikoko Softwarea edo Doako Programak: softwareak ez dauka inolako lizentziarik, dela egileak bere eskubideak dohaintzan eman dituelako edo dela eskubideak iraungi egin direlako.
GNU GPL (General Public License) lizentziak dira software librean gehien erabiltzen direnak.
[aldatu] Software librearen eta Doako softwarearen arteko aldeak
Nahiz eta normalean software librea dohainik edo banaketa kostuaren truke eskuratu daitekeen, ez dira nahastu behar software librea eta doako softwarea. Software libreak ez du zertan izan doakoa, zeren librea izanagatik komertzialki banatzen jarraitu baitaiteke. Era berean, doako softwareak batzuetan ez du uzten iturri-kodera sartzen, eta horrenbestez hautsi egiten du software librea izateko baldintza nagusietako bat.
- Software librea (Free software): eskubidea ematen du iturri-kodera sartzeko eta hura aldatu eta birbanatzeko. Batzuetan doakoa da, baina ez du zertan beti hala izan behar.
- Doako softwarea (freeware): doakoa da. Batzuetan aukera emango du bere iturri-kodera sartzeko, aldatzeko eta birbanatzeko, baina ez du zertan beti hala egiten utzi behar.
Software bat librea dela esateak ez du esan nahi komertziala ez denik. Programa libre batek aukera eman behar du komertzialki erabilia izateko, komertzialki garatua izateko eta komertzialki banatua izateko. Software librea askotan garatzen da helburu komertzialekin. Batzuetan ordaindu behar izaten da software libreko kopiak lortzeko, beste batzuetan aldiz ez, baina kopiak nolanahi lorturik ere beti izango dugu software hori nahi dugun bezala aldatzeko aukera.
[aldatu] Software Librea eta GNU/Linux
Linux da GNU GPL lizentziapean banatzen den sistema eragilearen nukleoa; bere gainean ezarri dira GNU/Linux sistema eragileen pakete osoak, Linuxen distribuzioak deitzen direnak. Euren artean, ondoko hauek:
- Debian
- Ubuntu
- Fedora
- SuSE
- Mandriva
- E.a.
Pakete oso horien izen zuzena GNU/Linux da, Linux nukleoa erabiltzen duelako eta baita ere GNU proiektuak garatutako tresna eta zerbitzuak. Linuxen distribuzio bakoitza aldaera bat da, premia ezberdinei erantzuteko behar diren aplikazio-paketeak dituena.
Bai Linux eta bai bere distribuzio guztiak, beraz, software librea dira. Halere, joera dago uste izateko software libre guztiak Linux direla edo Linuxekin zerikusia dutela, edo aplikazio libre bat ezartzeko Linux ingurune bat behar dela. Hori ez da horrela: dagoen software librea plataforma askotan erabili daiteke eta aplikazio batzuk plataforma ezberdinetan lan egin dezakete aldi berean, plataforma horiek libreak izan ala ez.
Beraz, Windows bezalako sistemetarako ere aplikazio libre mordo bat dago: nabigatzaileak eta ofimatika, kudeaketa, diseinu, komunikazio eta abarreko aplikazioak. Horri esker posible da librea ez den softwaretik (software pribatibotik) software librera emeki pasatzea aldaketa estruktural handirik egin behar izan gabe.
Bestalde, badira bi ingurune Linuxen nukleoa erabili ez arren berdin software libre direnak: BSD eta OpenSolaris.
[aldatu] Ikusi baita ere
[aldatu] Kanpo estekak
- Esle Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea
- Free Software Directory Aplikazio libreen datu-base handi bat biltzen duen direktorioa.


