RFID

Wiki E-Kontsulta(e)tik

Hona jo: nabigazioa, bilatu

RFID (Radio Frequency IDentification edo “irrati frekuentzia bidezko identifikazioa”) deritzon teknologiak, hari gabeko konexio bidez, RFID etiketa (tag) batean datuak urrunetik biltegiratu eta berreskuratzea ahalbidetzen du. Horri esker, etiketa horietan bilduriko informazioa automatikoki atzeman daiteke, eta ukitu beharrik gabe irakur daiteke dagokion irakurgailuaren bidez.

RFID etiketa hauek gailu txiki batzuk dira, eranskailu baten gisakoak, eta produktu bati erantsi edo jarri ahal zaizkio. Aktiboak zein pasiboak izan daitezke.

  • Etiketa aktiboek bateria dute, eta horregatik datu gehiago eta distantzia handiagora bidaltzeko gaitasuna dute. Horregatik, handiagoak eta garestiagoak dira.
  • Etiketa pasiboek ez dute indar iturri propiorik, eta nahikoa dute irakurgailuaren seinaleak antenan induzitzen duen korronte elektriko txikiarekin. Horregatik, datu gutxi bidaltzeko gaitasuna dute, normalean identifikazio zenbakiak, eta distantzia askoz txikiagora, gainera. Hala ere, neurri eta prezio txikiagokoak dira.


[aldatu] Barra kodeetatik RFID etiketetara

Gaur egun normala da produktuak identifikatzeko barra kodeak erabiltzea, eta berau da jada lanerako eredu estandarra, teknologia hau ezartzeak dakartzan abantailak direla eta.

Barra kodeen etiketak merkeak dira, eta arau ireki batzuetan dute oinarria. Hala ere, arazoak ere izaten dira haiekin: ikusmen lerro edo leku jakin bat behar izaten dute, erabilera mugatua dute datuak mugatuak eta aldaezinak direlako, eta arazoak sor daitezke etiketen inpresio kalitatea ez denean beti berdina.

Arazo horiek konpondu asmoz, beste teknologia bat sortu da: RFID etiketak. Etorkizunean barra kodeak ordezkatuko dituzte seguru asko.


[aldatu] Zer onura ekar ditzake?

Teknologia hau barra kodeekin konparatzen badugu, RFID etiketen abantailak honako hauek dira:

  • Ez dute ikusmen lerro jakin bat behar, eta, horrenbestez, ez dago produktuak modu jakin batean jarri beharrik.
  • Irakurketa ahalmen handiagoa dute.
  • Etiketan bilduriko datuak alda daitezke.
  • Barra kodeek baino informazio gehiago eman dezakete identifikatzen duten edukiari buruz.
  • Barra kodeek baino errendimendu hobea dute baldintza fisikoek laguntzen ez dutenean.

Horregatik, industriako alor askotan areagotzen ari da RFID teknologiarekiko interesa; izan ere, hornikuntza kateko prozesuetan eta stock-ak kudeatzeko sistemetan eraginkortasuna handitzea lortzen da teknologia honekin.

  • Zenbait prozesu logistiko automatizatzeko gaitasuna handitu egiten da: produktu desberdinen bidalketa baten eduki osoa batera irakurtzeko gaitasuna eskaintzen du, adibidez produktuak batetik bestera erabiltzeko jardueretan (kamioien karga eta deskargan, esaterako).
  • Datuak biltzeak eta inbentarioa kudeatzeak sortzen dituen gastuei etekin handiagoa atera dakieke.
  • Administrazio gastuak gutxitzen ditu.
  • Hornikuntza kate global konplexuetan sartzea erraztu dezake.
  • Ikuspena hobetzen du hornikuntza katean eta hornigaiak eraginkortasun handiagoz atzera botatzea errazten du. Hori bereziki beharrezkoa da zenbait arlotan (adibidez, elikagaien segurtasunaren arloan), trazabilitate arauak direla eta.


[aldatu] RFIDren arazoak

RFID teknologia duela gutxi hasi da benetan zabaltzen eta edonon hedatzen, kostuak murriztu direlako. Hala ere, oraindik badira konpondu beharreko arazoak bere ezarpen maila masiboa izan dadin.

Arazo horien artean garrantzitsuenak hauek dira:

  • Barra kodeen teknologia baino garestiagoa da.
  • Irrati frekuentzia bidezko identifikazioaren arauak oraindik garatzen ari dira; horregatik, sistema desberdinak daude elkarrekiko bateraezinak direnak.
  • Muga fisikoek, adibidez interferentziek, identifikazio mota hauen errendimendua kaltetu dezakete.

Lehenengo arazoari dagokionez, teknologia hau gero eta gehiago ezarri ahala eta bere erabilera orokor egiten den neurrian, etiketa bakoitzaren prezioa jaitsi egingo da. Bestalde, azken arazo horri buruz, RFID eta barra kodea biak batera erabiliko dituen sistema mistoa proposatzen da, identifikazioari berme handia emango liokeena.

Beste hizkuntzetan
Tresna pertsonalak
Nabigazioa
bideoak