Errealitate Areagotua

Wiki E-Kontsulta(e)tik

Hona jo: nabigazioa, bilatu


Errealitate areagotua teknologia bat da, errealitatea elementu birtualekin konbinatzeko aukera ematen duena erabiltzaileari informazio aberatsagoa emateko. Horrela, ingurune bat sortzen du, eta, bertan, informazio birtuala gehitzen zaie lehendik existitzen diren elementu fisikoei. Erabiltzailea ingurune horretara sar daiteke zenbait motatako gailuen bidez, hala nola ordenagailuen, mugikorren edo tableten bidez.

Teknologia hori ez dugu nahastu behar errealitate birtualarekin; azken horretan, guztiz birtuala den ingurune batean murgiltzen da erabiltzailea, errealitatetik isolatuta.

Edukiak

[aldatu] Nola funtzionatzen du

Errealitate areagotua sortzeko, elementu erreal baten irudiak hartu behar dira, gehienetan bideoan, eta datu-base batetik ateratako informazioa gaininprimatzen da irudi horietan.

Honako prozesu hau jarraitu behar da errealitate areagotua sortzeko:

  1. Kameraren parean jarri behar da objektu erreala, irudia hartu dezan eta interpretazioa egingo duen gailura igor dezan.
  2. Kamerak objektua filmatuko du, eta objektu birtuala sortuko duen softwarera igorriko ditu irudiak denbora errealean.
  3. Softwarea programatuta dago objektu birtual jakin bat sortzeko kamerak filmatutako objektu errealaren arabera.
  4. Irteera-gailua ordenagailuaren edo mugikorraren pantaila izan daiteke adibidez. Bertan agertuko da objektu birtuala, objektu errealari gainjarrita, biak gauza bera izango balira bezala.

[aldatu] Zer elementu behar dira

Honako elementu hauek beharko ditugu errealitate areagotuko sistema bat abiarazteko:

  • Nolabaiteko erreferentzia-marka bat duen objektu erreal bat, interpretazioa egiteko eta objektu birtual bat sortzeko aukera emango duena. Aplikazioaren arabera, kokapen geografikoaren eta objektua fokatzeko hartu beharreko orientabidearen arteko konbinazioa izan daiteke erreferentzia-marka.
  • Objektu errealaren irudia hartzeko eta igortzeko gai den kamera edo gailua.
  • Kamerak igorritako seinalea interpretatzeko eta dagokion informazio birtuala sortzeko gai den softwarea.
  • Irudi errealaren eta birtualaren konbinazioa erakutsiko duen pantaila.
  • Gainera, errealitatea areagotutako sistema berrienek beste zenbait teknologia ere biltzen dituzte, hala nola: azelerometroak, GPSak, giroskopioak, iparrorratzak, etab.

Ordenagailuek ematen dituzte emaitza onenak teknologia berri honetan, hardware sendoa dutelako, beharrezko baldintzak soberan betetzen dituena.

Hala eta guztiz ere, errealitate areagotuak gero eta aplikazio gehiago eta hobeak ditu telefono mugikor adimendunekin (smartphones) erabiltzeko. Errealitate areagotua maneiatzeko elementu aproposak dira telefono horiek, behar diren elementu guztiak biltzen direlako gailu berean.

Tableten bidez ere ongi maneia daiteke errealitate areagotuaren teknologia. Oraindik modelo gutxi badaude ere, gero eta eskari eta jarraitzaile gehiago dago merkatuan. Kamera bat eduki behar dute errealitate areagotua erabili ahal izateko.

[aldatu] Errealitate areagotuaren aplikazioak

Aplikazio ugari eta elkarrekintzarako aukera berriak eskaintzen dizkio errealitate areagotuak erabiltzaileari. Beste batzuen artean, honako hauek azpimarra ditzakegu:

  • Hezkuntza: errealitate areagotua erabili da museoetan, parke tematikoetan, erakusketetan eta abarretan, erabiltzaileei ematen zaien informazioa osatzeko. Testu-liburuekin ere erabili da, horien edukien gainean multimedia informazioa eskaintzeko aukera ematen baitu.
  • Aisialdia eta denbora-pasa: gailuekin jolasteko eta elkarri eragiteko aukera berriak eskaintzen ditu.
  • Turismoa eta arkitektura: saltokiei, jatetxeei edo turismo- eta zerbitzu-informazioei buruzko informazioa emateko, hala nola, garraio-lineei buruzkoa. Gainera, toki jakin batek duela mende batzuk zer itxura zuen ikus dezakegu, edo orain hutsik dagoen orube batean laster eraikiko duten eraikin batek zer itxura izango duen.
  • Medikuntza: adibidez, kirurgia-operazioetan, errealitate areagotuari esker, zirujauak datu bisualak ikus ditzake kamera baten bidez hartutako irudia erakusten duen pantaila batean, hala nola termografiak, tumore baten muga garbiak, etab.

[aldatu] Telefono mugikorretarako (smartphones) softwarea

Telefono mugikorretan erabiltzeko errealitate areagotuko honako aplikazio hauek aipa ditzakegu:

  • Layar
  • TwittARound
  • Wikitude World Browser
  • Google Goggles

Salbuespenak salbuespen, aplikazio horiek erabilgarri daude Android eta iPhoneentzat, eta aisialdira eta turismora zuzenduta daude.

[aldatu] Bideo erakusgarriak

Jarraian, bideo erakusgarri batzuk jasotzen dira, errealitate areagotuak bete ditzakeen eginkizun batzuk erakusteko.



Beste hizkuntzetan
Tresna pertsonalak
Nabigazioa
bideoak