Edukien sindikazioa
Wiki E-Kontsulta(e)tik
Edukien sindikazioak albisteekin loturiko Web guneetan du jatorria, eta batez ere Weblogetan. Honetan datza: Web baten edukia, edo edukiaren zati bat, erabiltzaileek eta beste Web gune batzuek kontsultatu eta erabiltzeko moduan jartzea, jatorrizko Webera zuzenean sartu beharrik gabe.
[aldatu] Zer etekin atera dakioke edukien sindikazioari?
Edukien sindikazioak duen helburu nagusia informazioa hedatzea da:
- Albisteak eta buletinak banatzea.
- Prentsa komunikatuak.
- Kanal tematikoak.
- Eta abar.
Horrela, formatu honetan argitaratzen den informazio guztia beste Web gune batzuetan kokatu ahal izango da automatikoki, hedapen handiagoa lortuz, edo erabiltzaileek zuzenean kontsultatu ahal izango dute hori ahalbidetzen duten berariazko irakurgailuak erabiliz.
Baina bada beste ezaugarri bat, eta ez garrantzi gutxiagokoa, edukien sindikazioak eskaintzen diguna: interesatzen zaizkigun kontzeptuen zaintza teknologikoa egin ahal izatea. Horrela antzeman ahal izango ditugu:
- Interneten zenbat eta nola hitz egiten den gure enpresaz edo gure produktuez: gure marka/produktuaren aipamenak.
- Sektoreko albisteak.
- Prentsa komunikatuak hitz gakoak erabiliz.
- Eta abar.
[aldatu] Formatu desberdinak
Helburu hori lortzeko, informazioa XML lengoaian oinarrituriko zenbait formatu erabiliz bidaltzen da, adibidez RSS (bertsio bat baino gehiago ditu) edo Atom formatuetan.
Bada Microsoft-en proposamen bat ere, SSE izenekoa: hedapen bat da, RSS sindikazio formatua bi norabidetakoa bihurtzen duena, hau da, zerbitzariari informazioa itzul dakioke, eta, horrela, hartzaileak eduki sindikatua aldatu edo zabaldu dezake. Hala ere, formatu honek ez du oraingoz onarpen maila handirik lortu.
[aldatu] Albisteen irakurgailu edo atxikigailuak
Edukien sindikazioan oso tresna garrantzitsuak dira albisteen irakurgailu edo atxikigailuak. Tresna hauek ordenagailuan bertan instala daitezke edo Webaren bidez lortu; beraiei esker informazioa jaso daiteke hainbat iturritatik (informazioaren jatorrizko Webetatik), eta egoki irizten diren irizpideen arabera iragazi.
Horri esker, gure interesekoak diren gaietan bakarrik jarriko dugu arreta eta aukeratu dugun iturri bakoitzean argitaratu diren artikulu berriak ikusi ahal izango ditugu, zerbait berririk ote den ikusteko orriak eta orriak aztertuz alferrik denborarik galdu gabe.
On-line atxikigailu erabilienetakoak honako hauek dira: GoogleReader eta Bloglines.



