Bluetooth
Wiki E-Kontsulta(e)tik
Hari gabeko Bluetooth teknologia hari gabeko komunikaziorako estandar global ireki bat da, zeinak aukera ematen duen ahotsa eta datuak ekipo ezberdinen artean transmititzeko (eskuko ordenagailuak, PDAk, telefono mugikorrak, inprimagailuak...), eta baita ere irrati-frekuentziazko lotune baten bidez sareko beste baliabide batzuetara iristeko.
Hauxe da teknologia horren helburua:
- Erraztu ekipo mugikor eta finkoen arteko komunikazioa.
- Ezabatu ekipoen arteko kable eta konektoreak.
- Aukera eman hari gabeko sare txikiak sortzeko eta gure ekipo pertsonalen arteko datuen sinkronizazioa errazteko.
Bluetooth teknologiaren barruan hardwarea, softwarea eta interoperabilitateko betekizunak sartzen direnez, telekomunikazioetako eta informatikako ekoizle nagusien (Ericsson, Nokia, Toshiba, IBM, Intel..) ekarpena behar izan da produktu hau garatzeko. Apurka-apurka, askoz ere konpainia gehiago hasi dira sartzen bluetooth-aren arloko ikerketan, eta itxuren arabera luza gabe beste hainbat sektoretako enpresak ere sartuko dira (industriako automatizazioaren sektorea, makineriarena, jostailu eta etxetresna elektrikoen ekoizleena, e.a.). Beraz, litekeena da berandu gabe bai etxeko eta bai lantokiko gure gailu guztien arteko erabateko konektibitateaz gozatzea.
Bluetooth-a erabiltzeko behar den gauza bakarra da txip edo txartel txiki bat gailu bakoitzean.
[aldatu] Bluetooth teknologiaren funtzionamendua
Bluetooth aparatuak beste zazpi aparaturekin konektatu daitezke aldi berean. Gaur egun Bluetooth teknologiak 1 mbps.rainoko abiadura eskaintzen du datuen transmisiorako, lerro bisualeko betebeharrak kontuan hartu gabe.
Bluetooth aparatu bat pizten denean, automatikoki bilatzen eta identifikatzen du bere helmenean dagoen beste edozein aparatu edo gailu. Printzipioz, antzeko hardwarea duten pare bat unitate baino ez dira behar lotune bat sortzeko eta, hartara, hari gabeko sare pertsonal bat sortzeko. Kanal berbera partekatzen duten Bluetooth unitate birekin edo gehiagorekin piconet bat osatzen da. Kanaleko trafikoa arautzeko, parte hartzen duten unitateetariko bat unitate maisu bihurtuko da, nahiz eta, definizioz, piconeta eratzen duen unitateak betetzen duen maisu lan hori: gainerako guztiak haren esklabo dira. Partaideek paperak truka ditzakete unitate esklabo batek maisu papera hartu nahi badu. Halere, piconetean maisu bat baino ezin da egon aldi bakoitzean.
Piconet talde bat elkarrekin konektatu daiteke eta scatternet bat sortu.
[aldatu] Segurtasuna
Bluetooth sistemak darabilen teknologia berez da segurua, baina halere mekanismo gehigarri batzuk ere izaten ditu komunikazioen pribatutasuna eta informazioaren segurtasuna areago bermatzeko.
Bi dira segurtasun mekanismo horiek: erabiltzaile eta gailuen autentifikazioa, eta enkriptatzea. Biek babesten dute simulazioen edo datuak atzematearen aurka.
Hori hala izan arren, baina, beti dago ondo neurri batzuk hartzea. Esaterako, defektuz, PDA eta telefono mugikor Bluetooth-dun gehienek ez dute izaten aktibatuta inolako zifraturik eta gainera edozein gailu bateragarrik ikusi eta detektatu ditzake. Horregatik, horietako bat erosten den guztietan ondoko neurriak hartu behar dira:
- Aktibatu komunikazioetako zifratua: zifratua aktibatuz gero, gure daturen bat inoren eskuetara iritsi arren irakurtezina izango da.
- Gailua “ikusezin” bihurtu: hala eginez beste ezein Bluetooth terminalek ezingo du detektatu.
- Desaktibatu Bluetooth-a erabili behar ez denean: egunean zehar Bluetooth-a erabili behar ez badugu, desaktibatuta edukitzea dugu babes neurri onena. Berriz erabili nahi dugunean berriro aktibatu behar dugu.
[aldatu] Ordenagailuaz haratago
Bluetooth-a ez dago pentsatuta soilik periferikoak ordenagailuekin konektatzeko. Aukera asko ematen ditu distantziak laburrak eta informazio kopurua sobera handia ez den egoeretan. Esaterako, etorkizun handia dauka ondoko sektoreetan:
- Telefono mugikorrak: Bluetooth-a duten mugikorrak zuzenean konektatu daitezke beste terminal bateragarri batzuekin. Komunikazioak ez dauka kosturik, ez delako erabiltzen inolako operadoreren sarerik, eta abantaila ugari ditu: kontaktuen agenda partekatu, doinuak, ikonoak eta argazkiak partekatu, e.a.
- Aisialdia: kontrol urruneko autoen tankerako jostailuetan Bluetooth-a erabiltzen hasi da aginte-sistemaren eta jostailuaren arteko komunikaziorako. Gauza bera gertatzen ari da telebisten urrutiko kontrolekin, Bluetooth-ari esker gauza baitira kateaz aldatzeko kontrola telebistari buruz jarri behar izan gabe.
- Domotika: etxetresna elektrikoak elkarrekin komunika daitezke bluetooth-en bidez. Jadanik badira bitrozeramikarekin komunikatzen diren presio-eltze batzuk: komunikazio horren bidez egosialdiaren denbora eta indarra kontrolatzen da eta janaria prest dagoenean bitrozeramika itzali egiten da.
- Autoen sektorea: autoetan Bluetooth teknologia ez da mugatzen bakarrik esku libreko mugikorretara. Orobat sortu daitezke autoari konektatutako nabigazio sistemak, bozgorailuak, CD irakurgailuak edo bideo-jokoen kontsolak.
- Ordainbideak: nola mugikor berriek Bluetooth teknologia daukaten, laster ordaintzeko tresna bezala erabili ahal izango ditugu, kreditu-txartelen antzera. Mugikorra irakurgailu batera hurbilduko dugu (kreditu txartelen irakurgailuen antzeko zerbait izango litzateke), irakurgailuak behar diren datuak hartuko ditu eta erosketaren zenbatekoa eroslearen banku kontuan kargatuko du. Halere, ordainbide honek segurtasun arazo batzuk izan ditzake, edozeinek hurbildu bailezake Bluetooth irakurgailu bat ordaintzeko unean, eta erosketaren datu batzuk ere jakiteko modua izango luke.



